Aurrekariak
Arartekoak arreta berezia jartzen die ijito herriaren zailtasun eta beharrizanei. Gutxiengo kultural horrek bazterkeria sozial eta politikoa jasan du, eta berdintasuna sustatzeko, bereizkeriaren aurka borrokatzeko eta bere nortasun kulturala aitortzeko politikak zor zaizkio. Ijitoei dagozkien Arartekoaren jarduketak azaltzen ditugu atal honetan, eta aurten nabarmendu behar diren elementu adierazgarrietariko batzuk aipatzen ditugu.
1. Arloa kopurutan
Ijitoei buruz jasotzen ditugun kexak, oro har, Arartekoaren arlo ezberdinetan aztertzen dira (gizarteratzea, hezkuntza, etxebizitza) edo Haur eta Nerabeentzako Bulegoaren txostenean, izan ere, horietan gainerako herritarrek helarazten dizkigutenen antzeko kontuak jorratzen dira. Horrela, nekez aipa dezakegu gutxiengo horretako kideek egindako kexa kopuru jakin bat.
Ijitoek zailtasunak izaten dituzte etxebizitza bat eduki eta mantentzeko, prestazio ekonomikoak eta gizarte zerbitzuak jasotzeko, udal erroldan inskribatzeko eta herri bateko bizilaguntzat hartuak izateko. Batez ere horrexegatik jotzen dute erakunde honetara. Kexak jartzeko beste arrazoi bat izaten dira, zenbaitetan, hirigintza hondamena jasan duten eta hirigintzako birgaitze prozedura behar duten auzoetan bizitzearekin lotutako kontuak. Era berean, kexak sorrarazten dituzte auzotarrekiko harremanetan dituzten arazoek. Hurrengo atalean kexa berezi batzuk aipatuko ditugu, berariazko trataera behar baitute.
2. Kexarik aipagarrienak
2.1. Diru-sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria prestazio ekonomikoak etetea eta ukatzea
Ijitoei eragiten dieten kexetan, batzuetan, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzarako Prestazio Osagarria prestazioak arautzen dituen araudiko zenbait betekizun betetzeko zailtasuna aintzat hartu beharreko elementu garrantzitsu bat izan ohi da (Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko 18/2008 Legea). Besteak beste, etxebizitza